XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, gauza jakingarria, kontinentearen alderdi askotan milaka urte geroago ere gorpuak haitzuloetan ehortziko dira. Ez-ezaguna zaigu zergatik batzuek beren senideak haitzuloetan ehorzten dituzten eta heste batzuek trikuharrien baitan, nahiz eta pentsa daitekeen pentsamolde eskatologiko edo haraindikoaren arrazoiak izan zirela tartean.

Bi trikuharri mota ezagutzen dira funtsean Euskal Herrian: soilak eta txikiak, mendialdekoak, eta haran eta ordekako trikuharriak, korridore deituak, egitura errektangularrekoak eta pasabidea dutenak, zenbait kasutan gelatxoa ere bai.

Neurriz handiagoak dira behealdeko trikuharriak gehienetan mendikoak baino, nahiz eta hain ugariak ez diren, zeren eta oraindaino aztertu direnetarik %95a eredu soileko edo mendikoak dira. Multzo honetan sartu behar dira Hernanikoak ere.

Hildakoen orientazioa bezalaxe (burua mendebaldera eta oinak ekialdera) trikuharriak ere eguzkiari buruz kokaturik daude: mendikoek ekialdetik dute sarrera, eta bien bitartean hegoaldetik korridore deituek. Ertaroko kristau kulturak bereganatu egin zuen eguzkiari buruzko ohitura hau eta nola gorpua ehorzteko jarreran hala garraiatzerakoan, eta berdin elizen orientazioan zehazki errespetatzen zuten delako orientazio sakratua.

Gure aroko lehen milakoan komunitate berriak etorri ziren Pirinio mendien iparraldetik, metalgintzaren zeregina zekartelarik. Metalgintzak bizimodu finkoagoa zekarren eta orduan sortu ziren han-hemenka kastroak edo herriskak, horietan familia zenbait finkatu zelarik. Laborantza ere bazuten, aski trauskila izan arren, eta abeltzaintza mendi hegaletako larre aberatsez baliaturik.

Jabego-sistema zertxobait konplexuagoari hasiera eman zion eta hildakoei buruzko kultura berria sortu zen: errausketa zeritzana. Gorpuak sutan kiskaltzen ziren eta hauen errautsak harrespil edo harrizko egitura handi baten barne ehorzten. Jentilbaratza ere deitzen da euskaraz. Harriz osaturiko zirkulu bat da funtsean eta horren erdian kokatzen dira hildakoaren errautsak.

Haurrak beste modu batera ehorzten ziren, eta kasurik gehienetan bizitegiaren aterpean ehortzi ere. La Hoyako (Biasteri, Araba) bizitegietako zorupean 269 haurren ehorzketa aurkitu ziren. Ez dago harritzekorik ezer.